Poema txiki batzuk

Behin

Behin, eskuak heldu zenizkidan gogor
eta bortizki bultza sofara.
Biluzteko agindu zenidan
eta nik egin.
Gainean eseri zinen,
biluzik zu ere,
eta hankak ireki zenizkidan gogor,
belaunikatu egin zinen nire iztarren gainean.
Gogor kolpatu zenizkidan bularrak,
bi eskuez.
Zure irribarre maltzurra ez nuen ulertzen.
Haserre ote zinen,
edo agian pozik,
berriz ginelako horretan.
Listua bota zenida bularrera,
eta gero alura.
Nik esan nahi nizun,
enuela lubrikazio beharrik,
baina mututa nengoen,
eztarria handituta.
Eskuak askatu zenizkidan,
baina ez mugitzeko agindua eman atzetik.
Eta ulertu nuen listuarena orduan,
eskua, esku osoa, ukabila ondoren, sartu baitzenidan barrura.
Uste dut une batez hil egin nintzela.
Gero dena, dena odola zen nire aluan.
Eta negarrez somatu zintudan ondoren.
Altxa, eta ez mugitzeko agintzen jarraitu zenuen.
Malko artean jantzi zinen
mantso.
Oso mantso.
Atetik bazindoazela ikusi nuen orduan,
eta ezin nizun ezer ere esan,
ahotsa, borondatea, lapurtu baitzenizkidan ordurako.
Zure azken hitzak entzuten ditut oraindik tarteka,
Barkatuta zaude.

Eta han geratu nintzen,
biluzik,
mina gailentzen hasi zenean.
Eta ulertu egin nuen orduan,
odolez ulertu,
zer egin berri zenidan,
ulertu egin nuen orduan,
odolez ulertu,
zer egin nizun nik behin.

Gorputz zaporez

Hatzak zure gorputz usainez bustita ditudala egin nahi diot aurre bizitzari.
Horrela bakarrik baita mundua, samurragoa.

Zurekin igaro berri dut gaua, eta ez ditut eskuak garbitu.
Ez dakit noiz arte iraungo didan beroak hatzetan,
baina horrela noala, gutxiago kostatzen zait autobuseko gidariari irribarre egitea.
Edozein abesti kaskoetan dudala ere,
zure irudien bonbardaketen banda sonoro bilakatzen da bat-batean.

Hatzek zure gorputz zaporea mantentzen dutela egiaztatu nahi dut berriz.
Aurpegira eraman dut eskua,
eta autobusean inork susmatzen ez duen gaiztakeria egin ondoren;
pixka bat mihizkatu ditut hatzazkalak.
Bihotza eztarriratu zait berriro. Tun-tun. Tun-tun.

Mundua samurtu da.
Eta orduan, ez zait ezer gehiago axola,
ez alboko gizona izerditan egotea, ez haren besoak nirea ukitzea.
Ezta ere ume baten negar molestoak.
Ni, gorputz zaporez babestuta noa mundu honetan.
Zure,

gorputz zaporez.

La vie (et le corps) en bleu

Tronpeta soinu fina zara.
Tronpeta soinu fina, Louis Armstrong-ek “La vie en rose” jotzen duenean bezalakoa.

Hasierako nota sinpleek nola bihotza alaitzen dioten bati,
dena egiten baitu, senziloagoa, eta erraza.
Baina aldi berean, Louis-en ahots errea entzutean,
hankak mantso-mantso dantzan jartzen dituen horietakoa, irribarrea ahoan.
Edo eskuak alde batera eta bestera leun mugiarazten dituen horietakoa.
Pin pin pinimini bat nire buruan.
Eta gero, soinu fin horrek, indarra hartzen du, erotzeraino,
hatzekin gorputza gogor estutzera daramana.
Eta orduan,
orduan nire buruan “when you press me to your heart… I’m in a world apart…” bat zara.

Badaezpada Enoa…

Ausardia lapurtu didazu,
lapurtu didazu inork baimenik eman gabe.
Zure egin duzu, zure aurrean behar dudan bakar hori.
Ausardia.
Lapurtu didazu ezer galdetu gabe.
Aukerarik utzi gabe,
saiakera ahul bati ateak itxiz,
edo are okerrago, atea erdi itxiz.
Ez didazu beste ezer utzi,
zirrikitutik begira egoteko aukera xumea.
Eta begira nago,
“badaezpada banoa” entzunez.

Estatu kolpea ene buruan.
Jo duzu, ezer galdetu gabe,
apenas ezer emanda.
Ze, bai, begira diezazuket ordu luzez,
zutik, hizketan edo lotan;
ordu luzez,
eta ez naiz nekatzen.

Zu ordea ez zara konturatzen.

Noizbait bukatuko zaizkigu hitzak,
hizketaldiak.

Asike, aska ezazu nire ausardia,
utz iezadazu nintzen hori izaten,
behingoz, adorea batu, eta,
esan beharreko hori esan diezazudan.
Gero,
gero gerokoak,
eta abestuko dugu, “badaezpada banoa”,
zentzu piska batekin.
Joan gaitezen,
norabait eta behingoz.

Atez-ateko bilketa

Prestakuntzen ostean, hastera doa atez-ateko zabor bilketa.
Konplikatua omen da, egunero zakarretara zer bota hautatzea.
Eta zuk bitartean,
pentsatzen duzu, zabor pila duzula gordeta botatzeko.
Zaborra baina gehiago pena,
aspaldian gogoratzen duzun pena eta minik gaiztoenak dabilzkizu dantzan barrenak nahastuz,
jada alkohol tantek ere baretzen ez duten horietakoa.

Ez duzu gogoratzen inoiz horrelakorik sentitu duzun,
eta ez dakizu hortaz, zer koño egin guzti horrekin.
Zakarrontzi bat asmatu behar lukete horretarako.
Bai, atez-ateko bilketa emozionala. Ordena honetan:

Astelehenetan, oraindik zure usaina gordetzen duten arropak.
Astearteetan une guzti horiek gordetzen dituzten oroitzapen eta argazkiak.
Asteazkenetan, orain entzun ezin dituzun eta gure egin genituen kantu guzti horiek.
Ostegunetan, joder! ostegunetan! zerbeza, Buika eta aspaldi utzi zenuen eta oraindik gordea dizudan oheko zure txokoa.
Ostiraletan, ohean bertan izandako gosariak, ibuprofenoa eta berdura-paella.
Larunbatetan, bonbardeatzen nauten sexu une horiek. Hain onak. Zure gorputza, nirea, izerdia eta arnasestuak;

eta igandetan, igandetan, burua, bihotza eta bestelakoak.

Horrela doakigu

Zer inporta du orain guzti horrek.
Kontatzen jarrita ere, ezin dut jakin zenbat aldiz izan zen.
Ez dakit zenbat aldiz hartu nuen erabakia.
Zenbat aldiz erabaki nuen esatea. Behin eta berriz.
Baina sekula ez nuen hainbesterako adorerik batu.
Erabaki nuen, hurrengoan, ez nintzela geratuko.
Hori bakarrik erabaki nuen.
Izutzen nauelako, izutzen zaituelako.
Izutzen gaitu, zerk mintzen nauen esateak minduko ez ote zaituen.
Horregatik isiltzen gara.
Horregatik ez dut jada ezer espero.

Ez naiz aitatxo afaltzera noiz etorriko zen itxaroten zuen umea.
Ez aita bila noiz etorriko zitzaion espero zuena ere.
Ez nuen sekula ezer espero izan inorrengandik,
esperantzak izutzen bainau, beti izutu bainau,
harri eusteak, hark zu eustea esan nahi duelako, eta jauzteak min handiagoa ematen didalako.
Ez naiz lurretik jeikitzen oso iaioa.
Horregatik uste dut, izan nintzela jainkoaren inesistentzia hain gogor defendatzen zuen ume hura.
Horregatik ikusten nituen hain inozo eta ahul fedea ahotan zarabilten guzti haiek.

Aita batzuetan etortzen zen eta besteetan ez.
Eta bizitza horixe bera zela ikasi nuen,
nahi duenean datorren gauza.
Horrelaxe maitatzen ikasi dudan gauza.

Hortaz, zer inporta du orain zergatiak.
Ez baitakit zenbat aldiz izan zen.
Erabaki bainuen ez esatea.
Erabaki nuen mintzen ez ninduela pentsa zenezan,
nire minak ez ziezazun minik egin.
Eta horrela doakigu,
ni esperantzarik gabeko ume koitadua
eta zu minik sortzen ez duen,
koitadua baita ere.

Eta bitartean hitz guzti hauek
barrenak erretzen dizkit,
esperantzarik gabe,
nire mina ez dizudalako kontatzen,
nire minak ez zaituelako mintzen;

Eta bitartean hitz guzti hauek
barrenak mintzen dizkit,
esperantzarik gabe
ez dudalako ikasi oraindik
zure minak
ez nazan ni mindu.

Eta bitartean,
eta bitartean…

bitartean horrela doakigu.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s